XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kontrol hauen gainetik aurkitzen dira eskuzko datu-sarreraren filosofia berri honi ekin zioten zenbakizko kontrolak.

Hirugarren mailako hauen ezaugarriak, teknika aldetik, aurreko taldeko modelo aurreratuenen oso antzekoak dira.

Hemen ere, aurrekoan bezala, prozesadore bateko (hobe mikroprozesadore bateko) ordenadore batean oinarritzen da kontrola.

Programatzerakoan, ordea, kontrol hauek ondotxoz erraztasun gehiago eskaintzen dute.

Erabiliko den erremintaren luzerak eta erradioak kontuan izan gabe piezaren ingurua programatu ahal izatea ez da talde honen ezaugarri bat, ECNC filosofiaren oinarri oinarrizko behar bat baizik.

Erremintaren ibilbidea, beraz, ordenadoreak berak kalkulatuko du.

Maila honetako guztien programazioaren erraztasuna, batez ere, puntuz puntu programatzearen ordez inguruaren zatiz zati egin ahal izatean datza, programatze denborak hein handi batean laburtuz.

Teknika honi inguru-programazio laburra deitzen zaio.

Honetaz aparte, kontrol hauek aurrekoak baino ondotxoz oroimen handiagoz hornituta daudenez gero, beren azpiprograma- eta ziklo-kopuruak ere handiagoak izango dira.

Azpiprograma gehienak parametrizagarriak izaten dira.

Kontrol hauek jadanik (azken modeloetan behintzat) pantaila grafikoz baliatzen hasiak dira.

Pantaila hau bi eratan agertzen da: batean, kontrolaren pantaila bera erabiltzen da informazioa grafikoki azaltzeko.

Bestean, geroz eta gutxiago erabiltzen dena bestalde, kontrolari beste bigarren pantaila bat gehitzen zaio.

Bigarren honek informazio grafikoa bakarrik azaltzen du, zuri beltzean gehienetan.

Gaur egungo joera argi eta garbi kontrolaren pantaila bera, eta koloretakoa gainera, erabiltzea dugu, piezak kolore batez eta erreminten ibilbideak bestez azalduz.

Pantaila hauen bidez posible zaigu sortu berria den programa ordenadorean simulatzea, pantailan programatutako piezaren inguruaren gain erremintak jarraituko duen ibilbidea marraztuz.

Teknika honek mementu batean programaren akatsak proba-piezarik mekanizatu gabe idorotzea permitituko digu.

Talde honen adibide gisa Yamazaki etxe japoniarrak plazaratutako bat azaltzen da (ikus 66. irudia).

Kontrol honek pantaila bat bakarrik erabiltzen du programazioaren elkarrizketarako.

Kontrol honen ezaugarri nagusia, ordea, programatzeko era da.

Ez da langilea bera kontrolari agintzen diona, kontrolak aukera posibleak eskeini egiten dizkio baizik.

Simulazio grafikoa ere integratuta dago.

Simulazio baten emaitza ondoko irudian azaltzen da (67. irudia).

Puntuzko lineak piezaren simetri ardatza adierazten du.

Inguruaren gaineko linea zuzenek, berriz, erremintak mekanizatzerakoan jarraitutako ibilbideak.

Kontrol honek bide berriak ireki ditu programazioaren munduan.

Aipatutako programazio-hizkuntza eta simulazio grafikoa kaletartzeaz aparte beste ezaugarri bat azaltzen du: ebaketa-balioen fitxategia hain zuzen.

Azken honen bidez mekanizatu beharrezko materiala definitu ondoren, ebaketan erabiliko diren datu teknologikoak kontrolak berak kalkulatu eta aukeratzen ditu automatikoki nahiz eta gero eskuz aldatu ahal izan.

Teknika honek berebiziko garrantzia izango du etorkizuneko ECNC kontroletan.

Dagoenekoz beste bi enpresa, Fanuc eta Toyoda, sartu dira merkatu honetan.